art+sound-artium

Información acerca de los conciertos mensuales, Art+sound, en el Centro-Museo Vasco de Arte Contemporáneo ARTIUM

08 noviembre 2007

BERRIA: «Orain tipo arraroa naiz; hori da nire estiloa, eta horretarako utzi nuen El Ultimo de la Fila»

Quimi Portet Musikagilea

El Ultimo de la fila taldeko kide izan zen hamar urtez Quimi Portet. 1998an desegin zen hura, eta ordutik bost disko kaleratu ditu, beti katalanez. Bihar bertan hasita lau kontzertu emango ditu Euskal Herrian.

Xabier Martin

Donostia

Quimi Portet (Vic, Katalunia, 1957) Nafarroa Beherean bizi da, eta barnetegi batean egon ondoren, euskaraz moldatzeko gai da. «Hemen egingo dugu elkarrizketa?», galdetu du euskara jatorrean. Jarraian barkamena ere eskatu du galderei gaztelaniaz erantzungo dielako. «Erosoago bainago», esan du. El Ultimo de la Fila taldea oso atzean utzi duela garbi utzi nahi du Portetek: «Nire ibilbidean parentesi bat izan da ». Bere azken diskoa (Matem els dimarts i els divendres, Quisso Records, 2007) haustura horren isla da. Portet Leioan ariko da bihar (Kultur Leioa) Ruper Ordorikarekin; etzi, Gasteizko Artiumen; larunbatean, Oñatin; eta igandean, Donostiako Doka kafe antzokian.

Azken diskoarekin kantautore ildoa indartu nahi izan duzula dirudi. Katalanez abestu eta soinu akustikoz laguntzen dituzu kantuak. Irizpide komertzialetatik urrun zabiltzala ematen du, ezta?

El Ultimo de la Filarekin ibilbide ezagun bat egin dudala badakit, baina hura utzi nuenetik, bide ezezagun batean barneratu naiz; rocketik urrun dagoen bidea da, zalantzarik gabe. Musika anglosaxoiak asko baldintzatu du gure belaunaldia, eta dagoeneko nekatu naiz harekin. Kontua da hainbat klixe alboratu ditudala, eta toki berrira eraman nau horrek, soinu berrira eta inspirazio berrira. Eta orain benetan gustuko dudanarekin gozatzen dut.

Kantuak ondu aurretik jarri zenion izena Matem els dimarts i els divendres disko berriari, harakin bati entzundakoa baliatuz. Zer da kontu hori?

Ez dakit nik diskoa egin dudan edo diskoak berak ni gidatu nauen. Jolasean aritu naiz, hori argi daukat. Hedonista naiz azken finean, mediterranearra. Zoriontsu izatea maite dut, ongi pasatzea, eta diskoa egitean berdin jokatu dut. Plazer hori zarata handia atera gabe topatzen dut orain.

Zoriontsu zabiltzala ematen du.

Benetan diot: nire bizitzaren une zoriontsuenean bizi naiz orain. Ez dut presiorik; iraganean disko asko saldu ditut, eta horrek orain eroso egon ahal izatea eman dit. Jada sei disko egin ditut bakarka eta katalanez, eta badakit zer den merkatu txiki batean egotea. Baina ildo honetan jarraituko dut, horretarako egin bainintzen musikari. El Ultimo ere ildo horretan sortu zen, jendeak ahaztu badu ere. Talde hura ez zen hasieran batere komertziala. El Ultimo egon izan ez balitz ere, egiten ari naizena egingo nuen orain, berdin-berdin. Ez da harropuzkeria: El ultimo de la Fila parentesi bat da nire bizitzan.

Parentesi luzea, hala ere...

Bai, hamar urtekoa, eta, gainera, parentesi positiboa, nahi baduzu. Milioika disko saltzeak baditu bere gauza onak; izugarria da, baina, hala ere, parentesi profesionala da niretzat.
El Ultimo de la Filaren azken aroak zerikusi gutxi dauka orain egiten duzunarekin.
Bai, ahal zitekeena egiten nuen, baina zati horren erantzule naiz ni ere, Manolo Garcia bezainbeste. Emozio aldetik errazagoa da porrota arrakasta baino...

El ultimo de la Filako kantuak gaztelaniaz idazten zenituen. Orain, berriz, katalanez aritzen zara erabat. Nolatan?

Hori erraza da azaltzen: katalana da nire hizkuntza, eta hala aritu ez naizenean inpostore gisa aritu naiz, eta etorkizunean ere hori egin dezaket berriro, baina nire hizkuntza katalana da, berriro diot. Hainbat lekutan ez dute ulertzen, baina nork bere hizkuntzan aritzea ez du zertan azaldu behar. Kontua da herri txiki batekoa naizela, estatua ez duen herri batekoa, eta hori gizalegez azaldu beharra egokitzen zait tarteka, halaxe gertatzen da eta.

Entzule gehienentzat, Manolo Garciak jaso du El Ultimo de la Filaren lekukoa, haren soinua eta estiloa. Hala al da?

Litekeena da, eta zilegi da hark hartzea taldearen soinua eta estiloa, abeslaria hura zelako. Eta Manolok gustuko du, gainera, eta hori nahikoa da. Nik beste zerbait egin nahi nuen, zerbait ezberdina, eta horregatik atera nintzen handik. Biek dugu eskubidea orain egiten ari garena egiteko.

Nolakoak izango dira Euskal Herrian emango dituzun kontzertuak? Jendearekin hitz egiteko eta, esaterako, argazkiak ateratzeko ohitura duzu.

Hamar urte eman ditut zain Euskal Herrian jo ahal izateko [bakarka]; benetan ongi pasatuko dut, eta jendeak ere ongi pasatuko du. Uste dut joaten direnek badakitela zertara doazen, ez dela egongo El Ultimo de la Filaren jarraitzaile despistaturik antropologia gogoratuz negar egiteko gogoz. Orain tipo arraroa naiz, separatista eta pertsona txarra; hori da nire estiloa, eta horretarako utzi nuen El Ultimo de la Fila. Gainera, Ruper Ordorika eta biok elkarrekin arituko gara bihar, zenbait kantutan. Bira txiki honen eragilea hura izan baita.

xmartin@berria.info

Etiquetas: ,

0 comentarios:

Publicar un comentario

Suscribirse a Enviar comentarios [Atom]

<< Inicio