BERRIA (2006-XI-25): «Gehiago da irauten duena aldatzen dena baino»
Sarrionandiaren hitzak lagun, oinarrira jo du Ruper Ordorikak 'Memoriaren mapan' diskoan
MIKEL LIZARRALDE
Oñati
«Ospakizun bat». Hala sentitu du Ruper Ordorikak Memoriaren mapan (Elkar) azkeneko diskoaren sortze prozesua. «Joseba Sarrionandiaren hitzek nigan sortzen duten oihartzunaren ospakizuna da diskoa». Pott Banda desegin zenetik, joan den mende laurdenean, Ordorikaren eta Sarrionandiaren lanak behin baino gehiagotan gurutzatu dira. Inoiz ez, ordea, orain bezala. «Ez dakit zergatik, baina halako batean oso argi sentitu nuen barnean horrelako lan bat egin behar nuela. Kantu hauek, bakarrik, talderik gabe, grabatu behar nituela bezala, hitzek Sarrirenak izan behar zutela sentitu nuen». Eta badira. Joseba Sarrionandiak idatzi eta inoiz argitaratu gabeko testuek osatzen baitute Memoriaren mapan diskoaren literatur corpusa.
«Garai bateko adiskidetasunak» lotzen du Ordorika Joseba Sarrionandiarekin, baina baita munduari begiratzeko ikuspuntu jakin batek ere. «Iturri guztiak erreka berera iritsi diren sentipena daukat. Nik ez dut diskoa ezeren ordezkari aurkeztu nahi, baina identifikazio handia sentitzen dut Sarriren berbarekiko, gauzak esaten dituen moduarekiko». Espetxean zela, Ordorikarentzat idatzi zuen Sarrionandiak Galtzetan gordetzeko koblak -Ni ez naiz Noruegako errege (1983) diskoan azalduko zen kantua-, baina gerora liburuetan arakatuta eraman ditu bere kantutegira Alberto Caeiroren bisita, Ene begiek, Martin Larralde, Gutunei koblak eta Kantuaren gauza galdua, Sarrionandiaren mundu literarioan arakatuta kantu bihurtu dituen testuak.
Eta orain, berriz, disko oso bat. «Proiektu honek ez dauka hasiera jakin bat. Ez da egun batetik bestera abian jarritako proiektu bat. Kantu batzuek denbora asko daramatzate nirekin, eta beste batzuk, berriz, azken garaikoak dira». Baina guztien oinarrian bi egileen arteko harremana dago; adiskidetasuna, azken finean; «bestela ez ginatekeen hona iritsiko». Eta baita kezka bertsuak ere kantuak eta poemak izan behar dutenaren gainean. Aspaldiko kezkak, gainera: «Potten denboretan asko hitz egiten genuen kantuaren gainean. Hautsi da anphora Bernardoren [Atxaga] hitzekin egin nuen, eta gerora ere kezka hori oso presente egon da nire lanean. Hau da, poema kantatuen eta kantuen artean egon litezkeen ezberdintasunak. Eta azkeneko disko honetan agerikoa da kezka hori. Batzuetan aitzakia formalak ageri dira: errimak, neurriak... eta beste batzuetan ez». Ordorikak garbi dauka Memoriaren mapan diskoan azaltzen direnak zer diren: «Kantua zer den definitzeko urteetako eztabaiden ondoren, hau kantu disko bat da. Sarrirenak ez dira poemak; kantatzeko idatziak dauden testuak dira». Gainera, Ordorikak bere esparrura eraman eta bereak egin ditu. «Askatasunez jokatu dut, eta, alde horretatik, oso nireak sentitzen ditut hitzak, Sarrionandiarenak izan arren».
ERBESTEKO HITZAK. Memoriaren mapan lanean erbesteaz mintzo da, leku geografiko batean egon arren, bihotz barneko tokia gordetzeaz. «Eta ez dakit gehiegi esatea den, baina mintzo da, era berean, gure belaunaldiaren izenean. Edo belaunaldi horretako batzuen izenean behintzat. Mapa honetan azaltzen diren leku asko gure munduari dagozkio». Ordorika eta Sarrionandiaren memoriaren ibilaldia Groenlandian hasten da (Lera zakurren balada), baina Mexikotik (Hondartza galduan) edota Aral itsasotik ere (Berak entzungo ez duen kantua) pasatzen da. Baina, hala ere, barne bidaia bat da, beste ezeren gainetik: «Niretzat, barne geografiarekin du lotura diskoak, eta, zehatzago esateko, afektuen geografiarekin, oroimenenarekin baino gehiago. Hondartza galduan kantuak laburbiltzen du ideia hori. Inoren lurrean bizi zara, eta zure barruko toki hori zaindu behar duzu». Hori da, Ordorikaren aburuz, «diskoaren oinarria, nahiz eta geografia fisikoarekin ere asko jokatzen duen».
Diskoko 11 kantuek istorio bat daukate atzean. Edo joko bat, CDaren liburuxkan hitzak beste pertsonaia batzuek idatzi izan balituzte bezala aurkeztu baitituzte. Baina egile-pertsonaia horiek ere erbesteari, «edo urruntasunari» oso lotuak ageri dira: Stalinen garbiketaren ondorioz Groenlandiara alde egin zuen Guran Sulakauri, Mojaveko desertuan gitarrak egiten bizi den Roberto Mujika luthier durangarra, Fisikako Nobel sarirako hautagai izan den zientzialari-poeta Miren Landiribar, Managuan ezkutaturik bizi den Josu Iparragirre... Ruper Ordorika bera ere kantu pare baten azalpenean agertzen da: «Umore handia dago sarrera horietan, baina badira Sarrionandiari buruz berba egiten denean gutxitan aipatzen diren beste gai batzuk ere: maitasuna, erotismoa...». Eta erbestea. «Gai zentrala da haren lanean. Aurreko batean Joxemari Iturraldek aipatzen zuen ezin zuela bestela izan Ni ez naiz hemengoa, Ez gara gure baitakoak eta Han izanik hona naiz deituriko lanak idatzi dituen egilearen kasuan».
TXIKIAREN ALDE. Memoriaren mapan jantzi itxuraz xumeekin dator aurkeztua. Gitarra akustikoa eta ahotsa dira gidari disko osoan, nahiz eta konponketa oso puntualak ere azaltzen diren: kontrabaxua Ibaia, Goizalbada, Berak entzungo ez duen kantua eta Izen zaharrak kantuetan, tronpeta Hondartza galduan-en, perkusioa Esku biak eta Ez da itzuliko-n... «Kantu horiek horrela grabatu behar nituela sentitu nuen; aspaldiko diskoen giroa lortu nahi nuen. Gainera, memoriaren mapa horiekin, hitzekin, ondo lotzen zela pentsatzen nuen».
Azkarateko Katarain estudioan grabatu zuen diskoaren oinarria, udan, «bost mikro irekita eta gitarra hutsarekin», eta, ondoren, Dani Perezen gitarra eta Jon Pirisen kontrabaxua sartu zituen kantu pare batean. «Baina kantuak gitarra hutsarekin grabatuak egon arren, neure buruan, han eta hemen, tresna batzuk entzuten nituen, eta New Yorkeko musikari handi batzuekin urteetako harremana dudanez, hara jo nuen». Kenny Wollesen bateria jotzaileak (Bill Frisell), Chris Lightcap kontrabaxu jotzaileak (Marc Ribot), Peck Allmond tronpetistak (James Brown), Jamie Saft organistak (John Zorn, Merzbow) eta Fernando Saunders baxu jotzaileak (Lou Reed) hartu dute parte diskoan: «Musikari handiak dira guztiak, eta oso eremu ezberdinetatik etorri arren, oso ondo egokitu dira». Ez da lehenengo aldia New Yorkeko musikariekin lan egiten duena. Dabilen harria-tik (1998) hona estudioko diskoetako taldea osatu dute, baina oraingoan ezberdina izan da metodoa. Lightcapekin e-mailez trukatu zituen probak, eta Saundersen etxean eta Saften sotoan egin ditu grabazioak. «Digitalazioak horrelako gauzak ekarri ditu. Harrigarria da, baina gauzarik oinarrizkoenak egiteko ere baliatu egiten dugu». Izan ere, aurrerapen guztiak erabilita ere, oinarrizkora jo du Ordorikak musikalki Memoriaren mapan diskoan. «Giro jakin bat» lortu nahi zuen kantariak, «nahiz eta diskoaren sortze prozesuak hankaz gora jarri orain arteko ibilbidea». «Azkeneko hiru urteotan taldearekin lehendabizi eta Hiru Trukurekin ondoren ibili naiz. Eta hari horri tiraka harantzago iritsi nahi izan dut. Niretzat, badago aldaketa bat, nahiz eta beti pentsatu izan dudan gehiago dela irauten duena aldatzen dena baino».
Eta horren guztiaren atzean beti dago kantua. Oinarria. «Niretzat, oso gauza primitiboa da kantua. Gizakiak badu zaletasuna berbarako eta kanturako. Eta kultura guztietan dago txertatua kantua. Disko honen nahasketak egin dituen teknikariak [Dick Kondas] ez du ulertzen bai zer den. Europan behin besterik ez da egon. Baina ulertzen du kantua. Hor badago zerbait organikoa dena, gizakiaren barruarekin lotzen dena»
«Joseba Sarrionandiaren hitzek nigan sortzen duten oihartzunaren ospakizuna da diskoa»
«Niretzat oso gauza primitiboa da kantua; oso gauza organikoa, gizakiaren barruarekin lotzen dena»
Emanaldietan gauza berriak eskaintzeko irrikan
IRUNE BERRO
Bilbo
Gauza berriak probatzeko irrika duela dio Ruper Ordorikak, zer edo zer berria egiten saiatzen dela horretarako aukera duenean. Badaki jarraitzaile fidelak dituela, jende batek bere saioetara joateko ohitura duela, eta lagun horiei zerbait berria eskaintzeko gogoa dauka. Memoriaren mapan diskoa modu intimoan aurkeztuko du Ordorikak. Jon Piris kontrabaxu jotzailearen laguntza baino ez du edukiko zuzeneko emanaldietan. «Gauza berriak probatzeko gogoa dut, eta orain aukera daukat», esan du Ordorikak.
Nafarroan, Tafallako kultur etxean, emango du lehen aurkezpen kontzertua, abenduaren 15ean. Getxoko Andres Isasi musika eskolan ariko da hurrengo egunean, abenduaren 16an. Eta Donostiako Gazteszenan abenduaren 20an. Halaber, beste hainbat herritan aurkeztuko du musikari gipuzkoarrak bere gogoari jarraiki egin duen lan berria; besteak beste, Igorren (abenduaren 22an), Hazparne-Aiherran (abenduaren 29an) eta Usurbilen (abenduaren 30ean) joko du urtea bukatu aurretik. Durangon (urtarrilaren 5ean), Gasteizen (urtarrilaren 26an) eta Tolosan (otsailaren 2an) ariko da ondoren.
DISKETXE ALDAKETA. Hogei urte luzeren ondoren, Elkarrera itzuli da Ordorika. Disketxe horrekin atera zituen lehen diskoak (Hautsi da Anphora, Ni ez naiz Noruegako errege...), baina beste asko Madrilgo Nuevos Mediosekin atera zituen ondoren (So'ik so eta Dabilen Harria, adibidez). Esan Ozenki eta Metak disketxeekin atera ditu azkenak (Gaur, Hurrengo goizean, Kantuok jartzen ditut...). Elkarrera itzultzean «babestuta» sentitu dela adierazi du Ordorikak. Eta disketxe «sendoa eta egitura finkoa duena» aurkitu duela, «eta ez da gutxi diskogintzak bizi duen garaia aintzat hartuta». Memoriaren mapan diskoa egiteko orduan, Elkarren «askatasun osoa» eman diotela azaldu du Ordorikak. «Nik nahi dudan diskoa egin dut», esan du musikariak.
Memoriaren mapan disko «alaia» da, Anjel Valdes Elkarreko editorearen esanetan, «era askotako emozioak eragiten ditu». Valdesen iritziz, «bi disko mota daude: entretenimendurako soilik eginak direnak eta memoria historikoan, sentipenetan eta sentimenetan eragiten dutenak. Eta disko honek balio erantsi hori dauka». Memoriaren mapan lana Elkarrekin ateratzea eskertu dio Valdesek Ordorikari. «Harro gaude horrelako disko bat edukitzeaz», adierazi du.
Etiquetas: RUPER ORDORIKA, RUPER ORDORIKA PRENSA

0 comentarios:
Publicar un comentario
Suscribirse a Enviar comentarios [Atom]
<< Inicio